XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beharbada, nazionalismoak euskara berea eta berea bakarrik bailitzan jokatu izanak urrundu egin ditu nazionalista ez diren asko hura ikastetik eta erabiltzetik, eta hobeto defendatuko zuketen, beharbada; baina ez dut uste.

Ez dut uste, zehazki esateko, mendietako inmigrazio nazionalistarik gabe, Donostia liberalean, eta, batez ere, Eibar sozialistan, euskarak iraungo zuenik.

Dena den, aipaturiko bitarte hori, pisu soziologikoaren eta instituzionalaren artekoa, existitzen da dudarik gabe; baina, kontsolagarria ez izan arren, ez da euskararen alorrean soilik gertatzen.

Aparatuak, ponperiak, irudiak, gauza instituzionaletarako kontsumitzen ditugun baliabide ekonomikoak, ezin dira justifikatu ez euskararen alorrean ez kirolenean ez, demagun, herri-lanetan ere, garen biztanleria txikiarekin.

Gure erakundeen estiloa Europako iparraldean dutenaren edo ematen duten irudiaren antzekoagoa izango zela espero genuen norbaitzuek.

Amets hutsa zen Euskadiko Ezkerrakoek Euskandinabia harekin adierazten zutena, edo ez zegoen amets hura gauzatzera eraman zezakeen tradizio kulturalik; ez guk uste bezain batekorik, behintzat;

izan ere, horretan, eta beste gauza askotan, euskoiberistek dioten bezala, kulturalki espainolak ez ezik, Espainiaren esentzia baikara, itxura denez.

Egia da, gure aparatu politiko-instituzionalak orain, eta lehenago berau eraikitzea helburu zuen mugimendu politiko-sozialak halabeharrez, beharbada ondoko estatuen eredua hartuz erreproduzitzen dituela bere erakunde kulturalak, kultural hitzaren zentzurik zabalenean, eta hauei dagozkien molde eta portaerak erreproduzitze hori, sarritan beti ez bada, eskala berean gertatzen dela.